XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AMETS...?

Arozena'tar Andoni

Amets urdin baten goxoari kolko barruan tokitxo bat opa ez diozun oietakoa baldin ba' zera obe duzu ez jarraitu; lerro auek txorakeri uts deritzaizkizuke; tximinitik gora gaitzen dijoan kea bezin uts.

Jasanak jasan, ainbeste urteen atzipe, neke ta biotz miñen gañetik itxaropenaren dirdai biziak begietan ñir-ñir egin oi badizute oraño, ordea, zatoz nerekin; egidazu lagun idazki onen ausnarraldian.

Bil gaitezen gure baitan, ots, aberri-miñak sortu digun asmo-baitan.

Aristoteles aundiak zionez Itxaropena gizon ernearen ametsa da.

Orra ba, ainbeste urte barru, gizona ez da asko aldatu.

Orduko gogogiro ber berak indartzen ditu gaur ere zenbait irriki ta naiak.

Etorkizunean bide zabalen bat arkituko dugun uste oso ori itxaropenaren arnari pozkarrio da.

Zutik eta erne egonarren amets egiten dakigunontzat neke-aringai bat, aurrera ekiteko bear dan kemen aldez bultzadatxo leguna.

Guda zioz, itxuraz, guzia galdu bagenuen ere, barruan, len bezin kementsu gera.

Len baño ere areago agian.

Orain gure erriari dagozkien arazoak obeto, zorrotzago ta maitekiago aztertzen ditugula esan dezakegu.

Urteen atzipe, neke ta biotz-min oiek guzik abertzaletasuna sendo ta irmeago egin dute noski.

Bear bada, askotan, eguneroko bizimañetan murgilduak gabiltzalako edo, ez gera aldaketa orretzaz oartzen.

Egunen batean, ordea, azkatasun eguzkiaren argitasuna Euzkadi zear zabaldu danean gaur lozorroan diruditen euskotar asko adore berriz indartuko dira erri aldez ekiteko.

Gaurko ametsa egi biurtuko dan egun aundi ortan itxaropenaren zordun aitortuko gera bere magal gozoan babes xamurra arkitu izan dugun euskotar oro.

Ondo dago, beraz amets egitea.

Baña Itxaropena gizon ernearen ametsa ba'da, ez gaitezen lozorroan etzan.

Amets bai, baño zutik eta erne beti.

Begi zoli, inguruko arerioen maltzurkerietan erori ez gaitezen.

Eusko abertzaletasunaren xede bakar eta nagusia Euzkadi'ren azkatasuna ta zoriona da.

Xede ori bete betean ontzat artzen ez dun guzia gure arerio da; arerio zitala izan ere; ondo ezaguna, aspaldidanik inguruan dugu-ta.

Bide bat baño ez dugu ba gure asmoak mugara eraman al izateko.

Euskotar zintzo bezela jokatu ta abertzaletasunaren erraiak lurralde oroan zabaldu.

Asmo ta xede bakar orrek eraginda jasan ditu gure erriak azken urteetako neke guziak.

Asmo ta xede ortan jaio ta indartu da gure itxaropena.

Asmo ta xede ori aldatu eziña da, geren burua aldatu ezik.

Asmo ta xede ori bete betean ezagutzen dugunon artean ba, ez bedi asarrerik sortu.

Asmo bakarrean iritzi bat baño geigo ditezke; mendi gallurrerako bideak bat baño geigo izan ditezken bezelaxe.

Aukera beza bakoitzak onena deritzaion iritzia baña, arren, ez dezagun oztoporik jarri iñoren aurrera naian.

Izan dezagun uste on elkarrekin.

Txepelkeriak ez beza tokirik gure artean.

Eginbear asko ditugu eztabaida txatxuetan astia galdu gabe.

Itxaropen barrutian ametslari jarrai nai badugu joka dezagun argi ta garbi, amets oiek egi biurtzeko eran.

Eta Amen, amen... ala bedi, ala bedi beste jokabiderik ez dutenak utzi bezaigute beintzat azkatasun ederrean amets egiten.

Gizon ernearen ametsa alegia.

Azkatasuna, bai ederra!

Amets urdiña, bai goxoa!